Ez dakit zuen gustukoenak zein diren, baina niri txokolate pinportak dituztenak ikaragarri  gustatzen zaizkit. Hori bai, komeni da bakoitza ondo dastatu eta lasai jatea nahi gabean  zorroko guztiak irentsi ditugula konturatzea baino. Bada egun, sarean nabigatzea antzerakoa  dela konturatzen hasia naiz. 

Jabetuko zineten honezkero sareko hainbat orrialde edo webgunetara sartzen garen  bakoitzean, “cookien” berri ematen digun leihoa agertzen dela, orain arte agertzen zirenen  antzerakoa. Gehiago esango nuke: orain arte guztiak onartzeko ohitura bazenuten, ez duzue  aldaketarik antzemango; aldiz, ni bezalakoak bazarete, “lan gehiago” egin beharrean garela  jabetuko zineten. Izan ere, cookien ezarpenak onartzeko edo berauek konfiguratzeko aukera  ematen digun botoiak baditugu orain. Bigarren honetara joanda, webguneak zein cookie eta  zein erabileratarako diren zerrendatzen dizkigu, bakoitzaren alboan aukera egiteko “toogle  botoi” batekin. Esan daiteken txokolatezko pinporta dituztenez gaindi, merkatuan diren  “cookie” desberdin askoren berri izateko aukera dugula oraingoan. Eta bai, badira batzuk. 

“Baina nik orrialde honetan 2 minutu baino gehiago emateko asmorik ez eta, denbora  bikoitza pasa behar dut orain cookiek konfiguratu beharragatik?” izango da askok egingo  duzuen galdera. Horren aurrean askok, denbora ez galtze aldera, guztiak onartzeko hautua  egingo duzue. Hemendik nire gomendioa: begiratu eta ikusi zein diren webguneak dituen  cookie horiek, eta ahal baduzue, ez onartu. Zergatik? Konturatuko zaretelako gehiegizko  informazioa ematen ari zaretela, benetan ezer eman beharrik ez duzuenean. Eta ez hori  bakarrik, behin hori egitera ohituta, gainerakoetan naturalago suertatuko zaizue. Probatu  eta esango didazue. 

Ezarpen horiei erreparatzen badiegu, bi multzotan banatuko nituzke: aukera gutxiko  webguneak eta hamarretik gora dituztenak. Jakina, “zintzoagoak” egiten zaizkit aukera  gutxien dituztenak, hauetan beharrezkoak – hauek ezin dira desgaitu ezinbestekoak baitira  webgunearen funtzionamendurako, ulertzekoa -, analisietarakoak, pertsonalizaziokoak eta  publizitateari dagozkienak izaten dira arruntenak. Bigarrengoen kasuan, aldiz, aurrez  aipatutakoaz gain darabilkigun gailuaren ezaugarriak, gure kokapena, gure erabiltzaile  profila osatzeko informazioa,… esanda bezala, harridura sortzeko moduko datu kopurua.  Azken honetako multzoan zenbait batez ere kirol webgunean sartuko nituzke (Marca, As, El  Mundo Deportivo) ezagunenen artean. 

Adi, ordea! Konfiguratzeko leihora joatea ez baita nahikoa. Bertan esandako “toogle botoi”  horiek ezeztatu baditugu ere, “ezarpenak gorde” behar ditugu eta ez “guztiak onartu”,  azken honek aukeraketa aintzat hartu beharrean guztiak onartutzat joko baititu. Bai,  nolabait engainuzkoa dela irizten diot botoi hauek erakusteko moduari, helburua  erabiltzailea nahastu eta aldaketak gorde beharrean guztiak onartzera eramaten baikaitu.  Eta ez, ez dira guztiak hain maltzurrak, hori ere esan beharra baitago, aukeren leihoan  zenbaitek guztiak aintzat ez hartzeko botoi bat erakusten baitute. Zalantzarik ez hauek direla  nire gustukoen webguneak.

Pribatutasunak nabigazio aktiboago bat eskatzen duela agerian geratzen ari da egunotan.  Argi ibili beharra dugu mezuak onartzerako garaian. Edonork irakurri gabe kontratu bat  sinatzeko eskatzen digunean ezezkoa ematen badiogu, ez gaitezen inozo izan eta berdin  joka dezagun sarean: irakurri ezer onartu aurretik.